Galdakaok udal eraikinetan eguzki plakak jartzeko proiektua abiatuko du
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Ilfede
Udal eraikinek kontsumituko duten energiaren zati handiena berriztagarria izateko helburuz, Galdakaoko Udalak hauen teilatuetan eguzki plakak jartzeko proiektua landuko du. Elexalden eta Zuhatzun emango dira lehen pausoak eta Aperribain, Torrezabalen eta Kurtzean egingo da ondoren.
Etorkizunean Galdakaok energia menpekotasun ahalik eta txikiena izatea gura du Udalak, eta hori lortzeko neurriak hartu ditu. Besteak beste, udal eraikinetako teilatuetan eguzki plakak jartzeko proiektua jarri du martxan.
Elexalde eta Zuhatzuko eraikinak izango dira planta fotovoltaikoak izango dituzten lehenak, IP21 enpresak irabazi duela proiektua idazteko enkargua 30.673 euroren truke. Ondoren, Aperribain, Torrezabalen eta Kurtzean egingo da eta aurrerago beste eremuetara zabaltzeko asmoa du Udalak.
Lehenbizi proiektua idatziko da, gune horietako bakoitzean dauden udal eraikinek kontsumituko duten energiaren gehiena berriztagarria eta eraginkorra izateko helburuz. Horretarako bi hilabete beharko ditu enpresak eta otsaila bukaeran amaitzea aurreikusten du Udalak. Azkenik, azterketa honen oinarriak kontuan hartu eta eguzki plakak jartzeko lanak lizitatuko dira.
Udal Gobernuak argi du eraldaketa hau herriak duen «erronka nagusienetakoa» dela. «Inoren menpe egon gabe nork bere energia ekoizteak eta energia hori garbia izateak duen garrantzia inoiz baino ageriago geratu da azken urte eta hilabeteetan», adierazi dute.