Galdakaoko EAJk herriko hainbat kaletan «garbiketa falta» dagoela salatu du
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko EAJ-PNV
Galdakaoko EAJ-PNVk herriko hainbat kaletan «garbiketa falta» dagoela salatu du. Ainhoa Agirregoikoa alderdiaren alkategaiaren hitzetan, «Udal Gobernuak zerbitzua enpresa pribatuetan oinarritu du eta beheranzko azken lizitazioak ondorioak ekarri ditu».
Galdakaoko EAJ-PNVk herriko hainbat kaletan dagoen garbiketa faltaren erantzule dela leporatu dio Udal Gobernuari. «Bere etengabeko eskakizunetako bat ez betetzeaz gain eta zerbitzua udalaren esku ez uzteaz gain, bere kontratazioa enpresa pribatuetan oinarri du. Gainera, beheranzko azken lizitazioak ondorioak ekarri ditu udalerrian», adierazi du Ainhoa Agirregoikoa alkategaiak.
Jeltzaleek azaldu dutenez, Udal Gobernuaren parte den Auzoak plataformako ordezkari batek martxoaren 30an egin zen udal osoko bilkuran aitortu zuen «desegokitze batzuk egon direla eguneroko garbiketa zerbitzuan enpresa aldaketari egotzita, ezaugarri horien aldaketak estres handia suposatzen duelako». «Oraindik, langileek egin beharreko lanetarako beharrezkoak diren makineria eta lanabesak ez daude osatuta, baina pixkanaka iritsiko dira», azpimarratu zuen Auzoakeko ordezkariak.
Honen aurrean, «benetako» egoera baten inguruan aritzea saihesten ari dela leporatu dio EAJ-PNVk Udalari. «Besteak beste, Olabarrieta eta Aperribaiko eremu zabalak erratzekin garbitzen dira. Poligonoak, jolastokiak eta frontoiak garbiketarik gabe egon dira, baita Agirre Lehendakariaren haurreskolaren eremua ere», salatu du Agirregoikoak.
«Kontratua sinatu zenean, Udalak ez zituen garbiketa lanak egiteko beharrezkoak diren neguko arropak eman, ezta lanak egiteko beharrezkoak diren makinak ere», adierazi du ere alkategaiak.
Halaber, eraikin publikoak garbitzeko kontratuan dagoen soldata-arraila konpontzeko aurreko osoko bilkuretan onartutako partida «oraindik ez dela eraginkorra» egotzi diote Udal Gobernuari.
Horregatik, egoera hau elkarrizketaren eta akordioen lorpenaren bidez konpontzeko eta alderdi guztiei emango diren urratsen berri emateko eskatu diote jeltzaleek Udalari. «Egoera horri buelta emateko konpromiso zehatzak eskaintzeko eskatzen diegu», adierazi du EAJ-PNVk.