Galdakaoko Haurren Kontseilu berria eratu da
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
«Haurren begirada udal politiketara eramateko helburuz» iaz Galdakaon sortu zen Haurren Kontseilua berritu da. Galdakaoko eta Usansoloko 25 haurrek osatzen dute kontseilu berria eta atzo egin zuten lehen saioa udaletxeko pleno aretoan.
Iaz osatu zen lehen aldiz Haurren Kontseilua Galdakaon, «haurren begirada udal politiketara eramateko helburuz». Asmo berdinarekin atzo eratu zuten Haurren Kontseilu berria, udaletxeko pleno aretoan egin zen ekitaldian.
Hitzorduan lehen saioa egin zuten eta Iñigo Hernando alkateak, Maite Arandia Parte Hartze zinegotziak eta Amets Iturbe Gazteria zinegotziak egin zieten harrera ikasleei, Unai Amezaga Parte Hartzerako teknikarien laguntzarekin.
Ikasleek hainbat galdera egin zizkioten alkateari bere eginbeharren eta lanen inguruan, eta ondoren, hiru gairen inguruan hausnartu eta proposamenak lantzeko eskatu zieten Haurren Kontseiluko kideei alkateak eta zinegotziek: gizon eta emakumeen arteko berdintasuna, euskaraz hitz egitea eta ingurumena denen artean zaintzea.
Galdakaoko eta Usansoloko 25 umek osatuko du Haurren Kontseilu berria. Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleak dira kide berriak, eta aurten Lehen Hezkuntzako 5. mailara igaro direnak, beteranoak. Aperribai, Gandasegi, Eguzkibegi, Urreta eta Unkinako 25 kideak hilean behin batuko dira, haurren parte hartzerako organoan.