Galdakaoko Musika Asteak 30 urte beteko ditu domekatik aurrera
Kultura
BINKE / 2021eko azaroa
Galdakaoko Musika Asteak 30 urte beteko ditu domekatik aurrera
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Gaur aurkeztu dute Musika Eskolaren atarian Galdakaoko Musika Astearen 30. urteurrena, domeka honetatik azaroaren 25era bitarte ospatuko dena Torrezabal Kultur Etxeko areto nagusian.
Azaroaren 21etik 25era antolatuko du aurten Galdakaoko Maximo Moreno Musika Eskolak bere Musika Astea. Eta ez da edozein Musika Aste izango, hogeita hamargarren edizioa duelako aurten. Urte borobila, eta edizio berezi honetan ez dira kanpoko eta etxeko musikariak faltako.
Gaur aurkeztu dute prentsaurrean Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak eta Olaia Parra Kultura zinegotziak Musika Eskolan bertan. Egitarauan, ez dira galdakoztarrak eta usansolotarrak faltako.
Da Capo musika bandak irekiko du Musika Astea, ez edozelango kontzertuarekin gainera, Hodei magoarekin batera arituko direlako Torrezabal Kultur Etxeko oholtzan. Eta herrikideak aipatuta, ezin aipatu barik utzi Ad Libitum txistu banda, Oreka Reed Quintet-eko kide den Aitor Aburto galdakoztarra edo Bitartean folk taldeko Garazi Navas usansolotarra.
Saio guztiak, txistu bandaren kalejira izan ezik, Torrezabal Kultur Etxeko areto nagusian izango dira eta 3€ko sarrera orokorra izango dute —Torrezabaleko bazkideek, langabetuek, elkarteek, gazteek eta adinekoek %25eko deskontuarekin—, Da Caporen kontzertua izan ezik, doakoa izango baita hau:
- Azaroak 21, domeka
Da Capo & Hodei Magoa, 13:00. - Azaroak 22, astelehena
Ad Libitum kalejiran, 19:00. - Azaroak 22, astelehena
Oreka Reed Quintet, 19:30. - Azaroak 23, martitzena
Noa Lur, «Jazz for children», 19:30. - Azaroak 24, eguaztena
Duo violin guitarra, 19:30. - Azaroak 25, eguena
Bitartean folk taldea, 19:30.
Torrezabaleko lehiatilan ez ezik, sarrerak online ere eros daitezke honezkero Galdakaoko Udalaren webgunearen bitartez.