Galdakaoko tabernek finala ikusteko pantailak kalean jartzeko baimena eman du Udalak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA:
Zapatuan, apirilak 6, Athletic Clubek Espainiako Erregearen Kopako finala jokatuko du RCD Mallorcaren aurka eta Galdakaoko Udalak tabernek partida ikusteko pantailak kalean jartzeko baimena eman du. Halaber, herriko kale batzuk ibilgailuentzat itxita egondo direla iragarri du.
Egun berezia biziko da Bizkaia osoan zapatuan, apirilak 6. Athletic Clubeko gizonen taldeak Espainiako Erregearen Kopako finala jokatuko du RCD Mallorcaren aurka eta Galdakao ere hitzordua bizitzeko prest egongo da.
Finala ikusteko pantaila erraldoia jarriko du Galdakaoko Udalak Ardanza parkean eta BINKEk jaso zuen moduan, partida 22:00etan hasiko bada ere, aurretik musika egongo da.
Bestalde, Udalak baimena eman die herriko ostalari guztiei telebista pantailak terrazetan edo lokalaren kanpoaldean jartzeko, «bezeroek eroso ikus dezaten partida».
Halaber, «herritarrak pilatu daitezkeen guneetan erosoago ibili ahal izateko ere», itxita egongo dira ibilgailuentzat Gipuzkoa kalea eta Ganekogorta kalearen azken zatia, 14 zenbakitik 20ra, apirilaren 6an, eguerdiko 12:00etatik aurrera.