Galdakaoko Txirrindulari Gelak ‘Handbike bizikleta bat’ erronka solidarioa antolatuko du
TESTUA ETA ARGAZKIA: Irati Alonso García
Galdakao Txirrindulari Elkartearen Gelak ‘Handbike bizikleta bat’ erronka solidarioa antolatuko du ekainaren 3an. Helburua mugikortasun arazoak dituen haur batentzat handbike bat erosteko dirua biltzea da eta horretarako lau jarduera jarriko dituzte martxan herrian zehar. Albiste honetan batu ditugu ekintza bakoitzaren nondik norakoak.
Beste urte batez, Galdakaoko Txirrindulari Elkartearen Gelak erronka solidarioa antolatuko du. Oraingoan ekainaren 3an izango da eta helburua mugikortasun arazoak dituen Harriet Ormazabal umearentzat handbike bat erostea izango da. «Aurtengo leloa argi dugu zein den: guztiontzako kirola», azaldu du gaur Igor Anton Gelako arduradunak erronkaren aurkezpenean.
Antonekin batera izan dira Onintze Ormazabal, Harrieten ama; Javi Delgado Palenque, Galdakaoko udaltzaina; ekintzetan lagunduko duten hainbat kide eta Iñigo Hernando alkatea. Azken honen hitzetan, «oso garrantzitsua da Udala eta herriko eragileak elkarlanean aritzea eta are gehiago helburua hain polita eta beharrezkoa bada».
Antonek adierazi duenez, lau jarduera antolatuko dira erronkaren barnean ekainaren 3an. Batetik, ‘Everesting’ izeneko ekintza egingo dute. «Everest mendiak dituen 8990 metro egiteko 29 bider igoko dugu bizikletaz El Vivero», azaldu du txirrindulari profesional ohiak. Gaueko 4:30ean ekingo diote erronkari, eta egun bereko 20:30ean amaituko dute parte hartuko duten berrogei txirrindulariek.
El Viveroko igoera herrikoia ere egingo dute, ‘Everesting’ erronkako partaideekin batera. Ardanza parketik abiatuko dira 12:00etan, udaltzainek lagunduta, El Galloko igoeraren hasierara arte. Igoera eta jaitsiera bat egingo da Ardanza Parkera itzultzeko, eta bertan paella herrikoia izango da izena eman duten guztientzat.
Bestalde, bizikleta hartzera animatzen ez direnentzako, spinning saioak antolatuko dituzte Gandasegiko portikoetan. 10:00etan hasiko dira eta asmoa ordubeteko hiru saio egitea da. Ekintza honetarako izena ematea beharrezkoa da eta 5 euroko prezioan egin daiteke Udalaren bitartez edota kirol zentroetan.
Azkenik, haurrentzako gymkhana antolatuko dute Ardanza parkean 17:00etatik aurrera. Frogak zirkuitu itxi bat izango du eta haurrek bizikletekin parte hartuko dute. Jaitsiera kronometratuak, oztopoak eta sigi-sagak izango ditu zirkuituak.
Amaitu ondoren, merienda eta edariak banatuko dira parte-hartzaileentzat. Ondoren, 19:45ean, martxa txiki bat egingo da udalerrian zehar, udaltzainek lagunduta, ‘Everesting’ erronkako parte-hartzaileei harrera egiteko Galdakaora iristen direnean.
Antolakuntzatik parte hartzera animatu dute eta gogorarazi dute ‘Everesting’ erronkan, igoera herrikoian eta gymkhanan parte hartzeko aurretik webgunearen bitartez izena ematea beharrezkoa dela.
Aurkezpena amaitzeko Onintze Ormazabalek eskerrak eman dizkie antolatzaileei. «Benetan eskertzen dugu mota honetako erronka solidarioak aurrera eramatea, oso beharrezkoak dira eta», azpimarratu du hunkituta.
Ekarpen solidarioa eta ekintzetan izen-ematea honela ordaindu daitezke:
· Bizum: 688 601 511 zenbakira
· Kontu zenbakia.: ES80 0128 0300 2801 0022 9205