Galdakoztarra zen atzo Portugaleten hildako langilea
Ezbeharra
BINKE / 2021eko azaroa
Galdakoztarra zen atzo Portugaleten hildako langilea
TESTUA: Erredakzioa
Atzo Portugaleten teilatu batetik erori eta hildako langilea galdakoztarra dela adierazi berri du Ernaiek. Horregatik kontzentraziora deitu dute zenbait eragilek gaurko, eguaztena, 19:00etan Galdakaon.
Azaroaren 23an, Portugaleteko Bailen kaleko bosgarren pisuko etxe bateko teilatuan lanean ari zela, R.P.L. 45 urteko gizona hil egin zen teilatutik erorita. Bravo Lanak SL enpresarentzat lanean ari zela argitaratu zuen atzo Naiz hedabideak, eta teilatuko urak bideratzen dituen zorrotena konpontzen ari zela zehaztu.
Galdakaoko Ernai gazte erakundeak hedabideetara bidalitako gutun batean adierazi berri du «orain dela gutxi jakin izan dugu, atzo Portugaleten lan istripuan hil zen langilea 45 urteko Galdakaoko bizilaguna zela». Horren aurrean, kontzentrazio deialdia egin dute erakundeak eta zenbait herritarrek gaurko, azaroak 24 eguaztena, 19:00etan Galdakaoko Juan Bautista Uriarte eta Pontzi Zabala bidegurutzean.
Aurten, «gutxienez 57 langilek galdu dute bizia Euskal Herrian lan istripuen ondorioz», eta Ernaik langilea «erail» egin dutela salatu du. Horregatik «prekaritatea hiltzailea, lan istripu gehiagorik ez» lemapean egingo da gaurko kontzentrazioa.