Geltokia Erdigunean plataformak aldarrikapenari buruzko azken berriak azaldu zituen atzo
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Geltokia Erdigunean plataforma
Usansolotarrek jarraitzen dute erdigunean Metro geltokia eskatzen eta honen harira Geltokia Erdigunean plataformak bilera informatiboa antolatu zuen atzo Gure Etxean. Honetan, gaiaren inguruko azken berriak eta hurrengo ekintzak azaldu zituen Jon Atxutegi plataformako kideak.
Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Trenbide Sareak Metroaren 5. linearen proiektua onartu zutenetik, usansolotarrak horren kontra agertu dira eta herriaren erdigunean geltokia eskatzeko mobilizazioak egin dituzte.
Lan hoten ari da Geltokia Erdigunean plataforma, atzo, uztailak 3, bilera informatiboa antolatu zuenak Gure Etxean 18:30ean.
Bilera honetan dozenaka auzokide batu ziren eta aldarrikapenaren azken berriak eta hurrengo ekintzak azaldu zituen Jon Atxutegi plataformako kideak.
Batetik, Atxutegi berak eta Josu Grandibalek Bizkaiko Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarren Hartu-Emanetarako batzordean egindako agerraldiaren harira lortutakoa azaldu zuen. Atxutegik adierazi zuenez, Eusko Jaurlaritzari eta Euskal Trenbide Sareari Usansoloko geltokia erdigunean aho batez eskatzeko deia egin zieten alderdiei, baina EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk soilik eman zuten baietza.
«Hiru hauek baietza eman ostean, eskaera erregistratu zen eta udaren ostean egingo den Bizkaiko Batzar Nagusien plenoan eztabaidatuko da gaia», azaldu zuen Atxutegik. «Tartean EAJ-PNV eta PSE-EE kobentzitzen saiatuko gara», azpimarratu zuen.
Bestetik, Bizkaia mailan alderdiekin bilerak izan ostean, Euskadi mailan alderdien ordezkariekin hurrengo asteetan batuko direla iragarri zuen plataformako kideak.
Azkenik, «kalean zarata egiteko» garrantzia nabarmendu zuen Atxutegik: «Eusko Jaurlaritzak eta ETS-k gure eskaera onartu arte mobilizazioekin jarraituko dugu. Obretako kamioiei sarrera mozten jarraituko dugu eta goiz osoetan zehar egongo gara, txandak eginez».
Pasa den astelehenean egin zuten obrak geldiarazteko lehen mobilizazioa, BINKEk jaso zuen moduan.