Gizon bi atxilotu dituzte Galdakaoko estanko batean lapurtzeagatik
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Ertzaintza
Atzo arratsaldean kaputxadun gizon batek lapurreta egin zuen, labana eskuan, Galdakaoko estanko batean beste gizon baten laguntzaz. Gaur atxilotu dituzte. Lapurretaren ostean dendako arduraduna ospitaleratu egin zuten, lapurrari isuritako piperbeltz espraia irensteagatik. Berarekin hitz egin du BINKEk.
Gizon bi atxilotu dituzte Basaurin, 31 eta 59 urtekoak, Galdakaoko estanko batean lapurtzeagatik. Atxilotuetako batek arma zuri batekin saltzailea kolpatu eta beldurtu ere egin zuen. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, lapurreta eguen arratsaldeko zazpi eta erdiak inguruan gertatu zen, Plazakoetxeko estanko batean.
Dirudienez, estankora sartu zen gizonak aurpegia eta burua estalita zituen, eta saltzaileari labana batekin mehatxu egin zion, dirua kutxa erregistratzailetik eramanda. Kanpoan beste pertsona bat zuen zain ibilgailu batean, eta biek ihes egin zuten.
Estankoko jabearekin hitz egin du BINKEk. Berak jaso zituen lapurrak dendan, eta berak egin zion aurre kaputxadun lapurrari, piperbeltz espraia aurpegira botata. Ondorioz, berak ere «esprai nahikotxo» arnastu zuela esan dio dendariak hedabide honi, eta ospitaleratu egin behar izan zuten lapurretaren ostean. «Bart goizaldean etorri naz etxera, eta ondo nago, baina arnasketako arazoakaz jarraitzen dot oraindik», kontatu dio estankoko kideak BINKEri.
Ertzaintzako agenteek lapurretaren egile materialari eta ihes egindako ibilgailuari buruzko datuak bildu zituzten, eta gainerako polizia-baliabideei jakinarazi ondoren, Basauriko Udaltzaingoaren patruila batek geldialdia eman zien. Ibilgailuan egindako miaketan, lapurretan erabilitako labana, ezkutatzeko erabilitako arropa eta dirua aurkitu zituzten.
Ibilgailuan zihoazen bi lagunak atxilotu egin dituzte, indarkeriaz eta larderiaz egindako lapurreta-delitu bat egotzita, eta ertzain-etxera eraman zituzten. Han daude, epailearen esku noiz utziko zain.