Goi-mailako kickboxing ikuskizuna hartuko du Urreta kiroldegiak zapatuan
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Bilbao Gran Slam
Nazioarteko eta goi-mailako ikuskizun handia hartuko du Galdakaoko Urreta kiroldegiak zapatu honetan, Sergio Sánchez espainiarra, Lorenzo Gatta italiarra edota Aitor Ibañez eta Janire Karrikondo euskal herritarrak horien artean direla. Sarrerak dagoeneko salgai daude.
Zapatu honetan, otsailaren lehena, Galdakaok Bilbao Gran Slam kickboxing ikuskizunaren edizio berria hartuko du Urreta kiroldegian. Urrezko edizioa —edo ingelesez Gold Edition— deritzona izango da protagonista zapatu arratsaldean, nazioarteko eta kategoria anitzetako kirolariak barne. Guztira 14 borrokalari arituko dira, eta guztiek bi minutuko hiru round gainditu beharko dituzte.
Borrokalarien artean, goi-mailakoak ere izango dira, besteak beste, munduko txapeldun den Sergio Sánchez. Edota nazioartekoak, Espainiatik edota Italiatik etorritakoak. Azken herrialde honetatik, esaterako, Lorenzo Gatta italiarra etorriko da Galdakaora. Bertakorik ere izango da, Aitor Ibañez eta Janire Karrikondo, horien artean. Karrikondo, gainera, basauritarra da eta Etxebarriko Elite JT Taldeko borrokalaria da; orain urtebete pasatxo profesional gisa K1 modalitatean debuta egin zuen.
Ikuskizuna 17:00etan hasiko da eta sarrerak dagoeneko salgai daude antolakuntzaren webgunean —Bilbao Gran Slam—, Etxebarriko Elite gimnasioan eta Urreta kiroldegiko leihatilan. Azken horretan ekitaldiaren egunera arte egongo dira eskuragarri. Prezioak 25 euro —harmailetatik ikusteko— eta 50 euro —lehen lerroan egoteko— artekoak dira.