Gu Dendari elkartearen ekintzak babesteko akordioa berritu du Galdakaoko Udalak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Gu Dendari elkartearen ekintzak babesteko akordioa berritu zuen pasa den astean Galdakaoko Udalak elkartearekin. Helburua «herriko komertzioa sustatzen jarraitzea da» eta horretarako 300.000 euroko diru laguntza emango dio elkarteari.
Herriko komertzioa eta ostalaritza babesten jarraitu nahi du Galdakaoko Udalak eta horretarako Gu Dendari elkartearen ekintzak babesteko akordioa berritu du elkartearekin. Akordioa berretsi eta aurrera begirako egitasmoen inguruko zehaztasunak adostu zituzten Gu Dendarik eta Galdakaoko Udalak, pasa den astean udaletxean egindako bileran.
Bertan egon ziren Iñigo Hernando alkatea, orain arte dendarien elkarteko buru izan den Aitziber Bonilla, hemendik aurrera bere ordezko izango den Leire Loroño, eta Sara Gonzalez, elkarteko langilea.
Hitzordu honetan aurten egingo dituen ekintzen berri eman zuen Gu Dendarik. «Ohi denez, aurten ere aukeren azoka, bonodenda eta Galdakao Mikologikoa egitasmoak errepikatzeko asmoa du», azaldu dute Udaletik.
Halaber, Gildaren hilabetearekin batera herriko hainbat gunetan kontzertuak egingo dituzte, eta Aste Santuan zein Gabonetan merkataritza sustatzeko kanpainak ere.
Bestalde, Gurean Erosi plataformari garapen berriak ezarriko dizkio. Guzti honetarako 300.000 euroko diru laguntza emango dio Udalak dendari eta ostalarien elkarteari.