Hiru herritarrek eramango dute Korrikaren lekukoa Galdakaoko Udalaren kilometroan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Martxoaren 21ean igaroko da honezkero martxan den 23. Korrika Galdakaotik eta Udalak kilometro bat erosi du aurten ere. Hiru herritarrek eramango dute lekukoa kilometro honetan zehar eta zozketa bidez aukeratu dituzte hauek. Hemen batu ditugu haien izenak.
Tipi-tapa, tipi-tapa, aurrera doa 23. Korrika. Martxoaren 14an Irunen hasi eta 24an Baionan amaituko da eta Galdakaotik martxoaren 21ean igaroko da, BINKEk jaso zuen moduan. Larrabetzutik 11:45 aldera irtengo da, Artola auzo galdakoztarretik igaro, Erletxen sartu eta Azkarri paretik igaro ostean Usansolora 12:13ean sartzeko.
Egin ohi duenez, edizio honetan ere Galdakaon zehar egingo den ibilbidearen kilometro bat erosi du Udalak: 1.780. kilometroa. Udaletxe ondoko kilometroa da, Ardantza parke ondotik Gipuzkoa kaleko 11. zenbakira arte doana.
Udalak herritarren esku jarri du kilometro honetan lekukoa eramateko aukera, «herritarrak direlako herriaren oinarria», eta eskaera egin dutenen artean zozketa egin du. Hiru izango dira Udalaren izenean lekukoa eramateko aukera izango duten auzokideak: Irati Zamalloa, Karmel Lacuesta eta Loiola Ealo.
Iñigo Hernando alkateak eta Izaskun Barbarias Euskara zinegotziak eman zizkieten horren ardura adierazten duten Korrikaren petoak.