Hitzaldi bi antolatuko dira Galdakaon, Ondarearen Europako Jardunaldien baitan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Wikiloc
Bizkaiko kultur ondarea zabaltzeko helburuz, hainbat ekintza antolatuko ditu Bizkaiko Foru Aldundiak Ondarearen Europako Jardunaldien baitan. Bizkaiko hainbat herritan izango dira, besteak beste, Galdakaon.
Ikasturte berriarekin batera, berriz jarriko ditu martxan Bizkaiko Foru Aldundiak Ondarearen Europako Jardunaldien baitan antolatzen dituen ekintzak. «Bideak, sareak eta loturak» lelopean, hamaika hitzordu prestatu ditu irailaren 29tik azaroaren 2ra bitarte.
Bizkaiko hainbat herritan izango dira saioak, tartean Galdakaon. Bi ekintza antolatuko ditu Aldundiak Galdakaoko Udalaren laguntzarekin eta urrian izango dira biak.
Urriaren 3an ‘Tranbiatik metroraino ibilbide historikoa’ hitzaldia eskainiko du Juanjo Olaizolak eta hilaren 17an aldiz, ‘Erromeria topaleku Gorbeialdean’ solasaldia izango da, Juan Manuel Etxebarriaren eskutik.
Saio biak Torrezabal Kultur Etxean izango dira 19:00etan eta euskaraz eskainiko dira.