Iñigo Hernando Galdakaoko ikasleekin solasean izan zen udaletxean ingurumenari buruz
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Galdakaoko Udaleko ordezkariak eta Eskola Agenda 2030 egitasmoan parte hartzen duten ikasleak zein irakasleak ingurumenari buruzko elkarrizketan aritu ziren martitzenean, udaletxean izandako solasaldian. Saioan Iñigo Hernando Galdakaoko alkatea, Estefania Calparsoro Udaleko Ingurumen teknikaria, eta Andra Mari, Elexalde, Bengoetxe eta Eguzkibegiko ordezkariak izan ziren.
Azken urteotan ohikoa bihurtu den moduan, Galdakaoko Udaleko ordezkariak eta Eskola Agenda 2030 egitasmoan parte hartzen duten ikastetxeetako ikasle zein irakasleak ingurumenari buruzko elkarrizketan aritu dira.
Udaletxeko pleno aretoan batu ziren martitzenean, ekainak 11, Iñigo Hernando Galdakaoko alkatea, Estefania Calparsoro Udaleko Ingurumen teknikaria, eta Andra Mari, Elexalde, Bengoetxe eta Eguzkibegi ikastetxeetako ikasle eta irakasleen ordezkaritza. Sagarrak elkarte ekologistako ordezkaritza ere izan zen.
Alkateak eta ikasleek ingurumena zaintzeari begira hartzen ari diren neurriak kontatu zizkieten elkarri eta elkarlanean jarraitzeko asmoa berretsi zuten.
Aurrez, astelehenean, eskola arteko foroan batu ziren ikasleak ikasturteko ondorioak aztertzeko, eta atzo, ikastetxe bakoitzak urtean zehar egindako ekintzak aurkeztu zizkieten alkateari eta Ingurumen teknikariari. Aurten lehen aldiz egin duten eskola arteko «ekintza eraldatzailea» ere azaldu diete.
Ikastetxe guztien artean merkatu solidarioa egin zuten maiatzean, eta bertan lortutako dirua jasangarritasunarekin lotutako talde bati eman diote. Halaber, berriki aire kalitatea neurtzeko Sagarrak elkartearekin egin duten ekintzaren berri eman zieten udal ordezkariei.