Irati Bediaga galdakoztarrak ‘Kaleko artista’ liburua argitaratu du
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Irati Bediaga idazle galdakoztarrak eta Binkeko kolaboratzaileak ‘Kaleko artista’ bere hirugarren liburua argitaratu du. Hamar urte aurrerako haurrei dago zuzenduta eta laguntzaren inguruan hausnartu du idazleak eleberrian.
Irati Bediaga (Galdakao, 1990) irakaslea da lanbidez baina idazle lanetan ere jarduten du. Aurretik ‘Beldarren hegaldia’ eta ‘Etxetik ospa’ liburuak argitaratu ditu Elkar argitaletxearekin eta orain bere hirugarren eleberria kaleratu du Ibaizabalekin.
‘Kaleko artista’ du izena liburuak eta Pauleren istorioa du abiapuntu,, kale izkinan ezagutu duen mimo bati artista sentiarazten lagundu nahi dion neska batena. Helburu horrekin, oparitxoak eskainiko dizkio artistari eta abentura ezberdinetan murgilduko da.
Laguntzaren inguruan hausnartu du Bediagak lan honetan. «Bizitza maiz perspektiba kontua da eta denok gara hein batean kaleko eta bizitzako artista eta artisau. Eta, askotan besteari laguntzea norbere buruari laguntzea da», adierazi dio idazleak Binkeri.
Hamar urte aurrerako haurrei dago zuzenduta liburua eta Iban Izagirrek egin ditu marrazkiak.