IRUDIAK | Horrela ospatu zuten Galdakao Futbol Taldeko neskek Lehen Mailara igoera
TESTUA: Jon Gomez Garai
IRUDIAK: Binke eta Galdakao Futbol Taldeak bidalitakoak
Zapatuan ospakizun eguna izan zuten Galdakao Futbol Taldeko emakumeek, denboraldia amaitzeko bi partidaren faltan, zapatuan bertan bermatu zutelako jokalari galdakoztarrek lurraldeko Lehen Mailara igoera. Irudi asko hedatu dira sareetan geroztik, eta hemen batu dugu horren laburpena.
Lurraldeko Lehenengo Mailara igo da Galdakao Futbol Taldeko emakumeen taldea, pasa den zapatuan Peña Athletic Santurtzi B taldeari 3-1 irabazi ostean. Norgehiagoka erabakigarria zen, eta horregatik Binkek azaldu zuen bezala, Santa Barbara futbol zelaia betetzeko deia egin zuten klubetik.
Denboraldia amaitzeko bi partidaren faltan, garrantzitsua zen apirilaren 29an jokatutakoa, Galdakaoko jokalariek ez bakarrik irabazi egin behar ziotelako Santurtziko jokalariei, baizik eta ostean jokatu behar zuen Balmasedak galdu ere egin behar zuelako.
Galdakaoko futbolariek euren norgehiagoka amaitu ostean, futbol zelaiko tabernan jarraitu zuten osteko partida internet bidez. Eta Balmasedak galdu egin zuela ikusi zutenean, orduan lehertu zen festa Galdakaon. Santa Barbaran bertan hasi zuten ospakizuna kirolariek, baina herrian gora ere egin zuten ostean, kale nagusitik Santi Brouard enparantzara eta Gipuzkoa kaleetan jarraitzeko.
Oihuak, kantuak eta jauziak entzun ziren inguru horietatik zapatuan Galdakaon, bandera, bufanda eta bengalaz lagundurik. Eta ez zen gutxiagorako izan, denboraldi bikainena egin ostean —denboraldiko talderik fuerteena izatea erakutsi zuten neskek— hirugarren postua eskuratu baitzuten, 49 punturekin.