Iskander Sagarminaga: «Itsasoaz gozatu eta honegaz dantza moduko bat lortzean dago gakoa»
Iskander Sagarminaga, ur irekietako igerilaria
BINKE / 2020ko otsaila
«Itsasoaz gozatu eta honegaz dantza moduko bat lortzean dago gakoa»
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Informatikaria ogibidez, orain bost urte hasi zen Iskander Sagarminaga (1983, Galdakao) kirolari gogor ekiten, bereziki igerian ibiltzeari. Igerian baina, itsaso zabalean ibiltzen da, eta orain gutxi Andrearekin batera Manhattanera joateko aukeratu izanagatik izan da albiste. Aldiz, txartel horri ezezkoa eman behar izan dio Triple Coronas, Santa Pola, Menorca Swim Marathon edo antzekoetan ibilitako lagunak.
Andreak ez, baina zuk Manhattanera joateari uko egin diozu. Zergatik? Data kontuengaitik. Sailkatuak izan ostean emon euskuen datan ezin dot ugerrik egin, eta ezezkoa emon behar izan neban.
Aukera on bat galdu duzunaren sentsaziorik ez duzu? Ez, antolakuntzakoek plaza gordeko eustiela esan eustien. Pena bakarra aurtengo lagunarteko plana galtzea da.
Hala ere, aurten badituzu erronka gogorrak ere esku artean, ezta? Bai, gogorrena Galiziako Batalla de Randekoa izango da —espainiar estatuko gogorrena—. 27 kilometroak neopreno barik egingo dodaz eta ura 13-14 gradutan egongo da. Baina hau lortu ostean Canal de la Mancha egiteko aukera izango dot —Ingalaterratik Frantziara, 13 ordu inguru igerian, neopreno barik eta 15-16 gradutako uretan—.
Normalean neoprenoarekin ala neopreno barik ibiltzen zara? Neopreno barik 11-12 gradutan ordu bat pasata egon neike, baina beti kontuz ibili behar da, hipotermia arrisku handia dagoalako. Ahal izan ezkero gurago dot neopreno barik, baina neguan, ibilbideak ez badau hondartzara irteerarik, neoprenoagaz.
Ideia bat egin dezagun, zenbat orduko zeharkaldiak egiten dituzue? Laburrenak 30 minutukoak izan leikez, bi kilometro ingurukoak izaten dira; eta luzeenak 7-8 ordutik gorakoak, 25-30 kilometro ingurukoak.
Kontxo! Honetarako entrenamendu oso gogorrak egin beharko! Astean zehar hiru egunez Galdakaoko igerilekura joaten naz, Andreagaz eta Galdakao Igeriketa Taldeagaz. Asteburuetan itsasora joaten gara Ur Irekiak Galea taldeagaz. Uretatik kanpo barriz, Elexalde gimnasioan nabil, indarra lantzeko ariketak egiten Gorkaren laguntzagaz.
Non dago olatu eta korronteekin igeri egin ahal izateko gakoa? Errespetuz baina zoro puntu bategaz itsasoaz gozatu eta honegaz dantza moduko bat lortzean.