Itziar Atienza aktore galdakoztarra Besarkada Saria irabazteko izendatu dute
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Itziar Atienzak bidalitakoa
Euskal Aktoreen Batasunak XX. Besarkada Sarien izendatuen zerrenda ezagutzera eman du eta saria irabazteko hautagaien artean dago Itziar Atienza galdakoztarra. Aktorea telebista kategorian izendatu dute, ‘Entrevías’ telesailean egindako lanagatik.
Azkenaldian hainbat telesailetan ikusi ahal izan dugu Itziar Atienza galdakoztarra, haien artean ‘Entrevías’. Telesailak arrakasta handia izan du, Atienzak berak BINKEri adierazi moduan, «adin guztietako publikoari heltzea lortu duelako».
Hain zuzen telesail honetan egiten duen lanagatik, Euskal Aktoren Batasunak bi urterik behin banatzen duen XX. Besarkada Saria irabazteko hautagai izendatu du galdakoztarra. Telebista kategorian izendatu dute Atienza, Aitziber Garmendiarekin (‘Muertos S.L.’) eta Itziar Ituñorekin (‘Touré Detektibea’) batera.
Euskal Aktoreen Batasunaren webgunean ezagutu daitezke kategoria ezberdinetako izendatu guztiak eta sari banaketa urriaren 2an izango da, Bilboko Campos Eliseos Antzokian.