
Joseba Ariznabarreta hil da, euskal politikan erreferente izandako galdakoztarra
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: BINKEri bidalitakoa
Urteetan zehar euskal politikan erreferente izandako Joseba Ariznabarreta galdakoztarra hil da, 88 urte zituela. Politikagintzatik kanpo beste hainbat arlotan aritu zen eta besteak beste, Orreaga iritzi taldeko kidea izan zen.
Joseba Ariznabarreta galdakoztarra hil zen zapatuan, otsailak 22, 88 urte zituela. Galdakoztarra ezagun izan zen euskal politikan erreferente izan zelako eta askok euren guraso politikotzat dute, Euskal Herriaren askatasunaren alde egindako jardunagatik. Nafarzaletasunean eta naziogintzan bereziki izan zen erreferentea.
Politikatik haratago, Ariznabarreta Iñaki Aginagaren jarraitzailea izan zen eta Aginagak utzitako hutsunea berak bete zuen urteetan. Hamaika hitzaldi eta irakaspen eman zituen Orreaga Taldearen bidez batez ere, eta bi liburu idatzi zituen: ‘Pueblo y poder’ eta ‘Euskadi: aproximación política’.
Hileta elizkizuna gaur, otsailak 24, izango da Galdakaoko Santa Maria parrokian 19:00etan hasita. Gugan bego.