Korrika apirilaren 1ean Galdakaotik eta 6an Usansolotik igaroko da
Euskara
BINKE / 2022ko urtarrila
Korrika apirilaren 1ean Galdakaotik eta 6an Usansolotik igaroko da
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Amurriotik Donostiara martxoaren 31tik apirilaren 10era antolatuko den 22. Korrikaren ibilbidea iragarri berri du AEK-k. Galdakaon eta Usansolon galapan noiz, nondik nora eta zein ordutan egingo dugun jakin nahi?
Korrikaren antolatzaile den AEK-k jakinarazi berri du Euskal Herri osoa euskararen alde galapan zeharkatzen duen ekimenaren ibilbidea. Galdakaotik apirilaren 1ean pasako da eta Usansolotik berriz bost egun beranduago: apirilaren 6an.
Amurrion hasiko du bere ibilbidea 22. Korrikak, iaz ospatzekoa zenak baina denok jakina den egoeragatik atzeratu zenak. Arratsaldean, 16:30ean, ekingo dio ibilbideari Arabako herrian eta 11 egunez kolorez, urduritasunez eta euskaraz —pentsatu gura dugu— zipriztinduko ditu euskararen herri osoko bazterrak. Apirilaren 10ean Donostian bukatuko du bere ibilbidea eguerdi aldera.
Gure herrietatik berriz, egun desberdinetan egingo du zeharkaldia. Apirilaren 1 goizaldean egingo du Galdakaon. Hortaz, eguenetik barikura bitarteko goizaldean egingo du: Etxebarritik sartuko da 01:54ean, AEK-k emandako datu zehatzen arabera, Aperribaitik 02:18ean pasa eta herriaren erdigunea 02:27 aldera zeharkatzeko. Gumuziotik 03:08ean Zornotzarako noranzkoa hartuko du Korrikak.
Usansolon aldiz, apirilaren 6 arratsaldean egingo du, eguaztenez. Bediatik sartuko da 16:00etan, 16:09 aldera herria zeharkatu eta Erletxeko biribilgunetik 16:33ean Larrabetzuko bidea hartzeko.