«Kurtso bukaeran», Leire Arana
Leire Arana Ojanguren
BINKE / 2016ko ekaina
Kurtso bukaeran
Uda hurbiltzen doan heinean, azterketa garaia atzean geratzen hasi zaigu ikasleoi. Garai honetan egunero herri guztietako liburutegiak betetzen ditugu, «estres kolektiboa» sorraraziz. Aldi berean, liburutegiek ikasleen arteko elkartasun morala sustatzen dute.
Urte osoan ikasten eta lanean ibili ondoren, nekatuta gaude eta laster libre egongo garenaren aurreikuspenak azken txanpa gainditzeko motibazioa ematen digu. Leihoetatik jendea eguraldi onaz disfrutatzen ikusten dugun bitartean, ikasleok zenbait astetan ikusten dugun argi bakarra mahai gaineko lanparak ematen diguna da.
Zeinek dio ikaslearen bizimodua erraza dena? Kurtsoan zehar egindako lanaren ondoren, garai honek are esfortzu handiagoa egitera behartzen gaitu, hortaz, ezin da gutxietsi ikasleok egiten dugun lana. Baliteke ez izatea munduko garairik gogorrena, baina gure buruan ideia berriak etengabe sartzeko ahalegina ere ez da makala.
Ikaslearen merituari ez ikusiarena egiten dionari gogoeta egiteko gonbitea luzatu nahi diot nik. Izan ere, egungo ikasleok etorkizuneko motorra izango garelako.