Laina mendiaren gailurra 70 galdakoztar inguruk argitu zuten Pirinioetako Bidean
Gure Esku
BINKE / 2022ko uztaila
Laina mendiaren gailurra 70 galdakoztar inguruk argitu zuten Pirinioetako Bidean
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Gure Esku Galdakao
Ondoko albistean batutako hamar argazki eta hiru bideoekin laburtu du Galdakaoko Gure Eskuk zapatuan Laina mendia argiztatzera egin zuten ibilaldiarekin, katalanekin batera egindako ekimen berezian.
Gure Eskuk eta Kataluniako hainbat eragile abertzalek deituta, Assemblea Nacional Catalanak tarteko, Pirinioetako Bidea edo Via Pirinenca ekimena antolatu zuten uztailaren 2an.
Nazioartean oihartzuna izatea gura zuten ekimen berezia antolatu zuten lehenengoz, eta elkarrekin, Euskal Herriko eta Kataluniako zenbait eragilek. Hainbat galdakoztar ere izan zen bertan, Galdakaori zegokion gailurra argiztatuz.
Behe Nafarroako Bidarrai mendian kokatuta dagoen Laina mendia (869 m.) argiztatu behar zuten galdakoztarrek, eta uztailaren 2an 16:00etan Ipar Euskal Herriko herritxora abiatu ziren 70 galdakoztar inguru, denek buruko argiak eta mendiko arropak hartuta.
Egun bereko 19:00 aldera Baigura Kirol Zentrotik igoera hasi zuten denek elkarrekin, 21:00 aldera Laina mendiaren gailurrera iristeko. «Bertan haizea eta hotza» pasa zutela aitortu diote Gure Eskuko arduradun galdakoztarrek Binkeri. Baina ekimenak merezi izan zuela ere esan, eta polita izan zela mendiaren puntan, argiak buruan denak elkarrekin kantuan entzutea —baita txistu doinuz ere—.
Hantxe izan ziren, Pirinioetako gainontzeko gailurrak euskaldun eta katalanek elkarrekin argiztatuta, 22:15 arte. Ordu horretan bueltako bidea hartu zuten, mokadutxoa jan eta Galdakaora goizaldeko ordu biak aldera iritsi ziren.
Bertan batu ditu Binkek antolatzaileek bidalitako zenbait bideo eta argazki: