Landaredian konponketa lanak egiten ari da Galdakaoko Udala
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Hilda edo gaixo dauden zuhaitzak ordezkatzen eta landaredia gehitzen ari da Galdakaoko Udala. Bederatzi jardueretan daude banatuta lanak eta guztira 132.130 euroko aurrekontua izango dute.
Azterketa agindu zuen pasa den urtean Galdakaoko Udalak, herriko hainbat zuhaitz apurtzen zirela edo egoera txarrean zeudela ikusi eta gero. Udal Gobernuaren hitzetan, ikerketa honek «ondorioztatu zuen asko zirela hilda dauden zuhaitzak» eta horregatik horiek aldatzeko plangintza oso bat proposatu zuen.
Udalak martxan jarri du jada plangintza hau eta lorezaintzarekin zerikusia duten beste eginbehar batzuk ere egiten ari da aste hauetan zehar.
Bederatzi jardueretan banatu dituzte lanak eta dagoeneko bi amaitu dituzte. Batetik, Urtebietan gehiegi igota zeuden zuhaixken adarrak moztu dituzte. Bestetik, Aperribain etxebizitzetara sartzen ziren beste zuhaitz adar batzuk kendu dituzte.
Hauexek dira gainontzeko konpoketa lanak, batzuk jada hasi direla:
- Zuhaitz landaketak Gandasegi eta Egiako eskola publikoetan: pinuak kentzeko beharra dago eta bestelako zuhaitzak jarriko dira bertan; besteak beste, haginak, aranondo gorriak eta tiloak.
- Iturrondon zuhaitzak, zuhaixkak eta garaiko loreak jarriko dira jardineretan, eta parterreak txukundu egingo dira: belarra eta zuhaixkak ipiniko dira.
- Bizkai kalean hilda edo gaixorik dauden zuhaitzak kendu eta zuhaitz berriekin ordezkatuko dira.
- Juan Bautista Uriarte kaleko parterretako zuhaixkak kendu egin dira. Belarra ipiniko da parterre horietan.
- Juan Bautista Uriarte kaleko zuhaitzak banan bana aztertu, hilda edo gaixorik dauden zuhaitzak kendu, eta gereziondoak ipiniko dira.
- San Inazion, Ibaiondon eta Ander Deunan, etxeetatik gertuegi dauden eta auzokideei arazoak eragiten ari zaizkien zuhaitzak kendu egingo dira.
Udal Gobernuak jakinarazi duenez, landaredia konpontzeko lan hauen aurrekontua 132.130 eurokoa izango da.