Lanzadera Etxebarriko Metrora iristea eskatzen jarraituko du Galdakaok
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Jesús J. Hernández
Galdakaoko udalbatzak lanzadera Etxebarriko Metrora heltzea berriz eskatzea onartu zuen eguenean, urtarrilak 26, osoko bilkuran. Aldundiari eta Etxebarriko Udalari Bizkaibuseko 3932 linearen geltokia Etxebarriko intermodalean kokatzea eskatuko die.
Urteetan zehar lanzadera Etxebarriko Metrora heltzeko eskaera egin dute Galdakaoko Udalak, elkarteek eta herritarrek. 2020ko otsailean Bizkaibusen 3932 linearen geraleku onena Etxebarrikoa zela adierazi zuten Galdakaoko Udalak eta autobuseko enpresa batzordeak, bi arrazoi nagusiengatik: segurtasuna eta gidariak komunera joan ahal izatea bidaien artean.
Hilabete batzuk beranduago, Fekoor Gutxitasun Fisikoa edo Organikoa duten Pertsonen Bizkaiko Federazio Koordinatzailearekin hitzarmena sinatu zuen Udalak, Etxebarriko geltokia «egokiagoa» zela azpimarratuz.
Etxebarriko Udalak ordea, «egoerak aldatu behar zuela» erantzun zuen honen aurrean eta orain Eusko Jaurlaritzak Metroaren 5. linearen lehen hiru zatien lanak lizitatu dituela iragarri duela, Galdakaoko Udalak eskaera berriz egitea adostu du. Eguenean, urtarrilak 26, onartu zuen udal osoko bilkuran, Udal Gobernua osatzen duten EH Bildu, Auzoak, Usansolo Herria eta Podemosek aurkeztutako mozioaren bitartez.
Zehazki, hiru aldarrikapen egitea zehaztu zuten. Batetik, Bizkaiko Foru Aldundiari Bizkaibuseko 3932 linearen geltokia Etxebarriko intermodalean kokatzea eskatuko dio. Bestetik, Etxebarriko Udalak Fekoor elkarteak, Bizkaibuseko sindikatuek eta Galdakaoko herriak egindako eskaerak kontuan hartzea nahi du. Azkenik, akordio hau Metroaren 5. linea martxan jarri arte indarrean egotea proposatu du.
«Galdakaok eta bere herritarrok beste zerbitzu batzuk etxebarritarrekin partekatzen ditugu, anbulatorioa kasu, eta herrien arteko bizikidetza eta adiskidetasun horietan sinesten jarraitzen dugu», adierazi dute Udal Gobernutik.