Leidu Irakurketa Taldeak txoko propioa izango du Binke aldizkarian
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Galdakaoko Leidu Irakurketa Taldea 2017tik ari da, hilero, liburu baten bueltan elkartzen. Hitzordu horien berri eman du —eta emango du— Binkek bere paperezko Agenda atalean, baina horrez gain, aurrerantzean atal propioa ere izango du taldeak. Albiste honetan, gainera, taldeak Joseba Sarrionandiarekin izango duen solasaldi bereziaren berri jaso dugu.
Galdakaoko irakurzaleen hiruzpalau pertsonako taldetxo bat 2017an hasi zen batzen herriko tabernaren batean, hileroko azken astelehenetan. Denen artean liburu bat aukeratu eta hurrengo hilabeteko hitzordurako irakurrita eraman behar zutela adostu zuten taldeko lehenengo kideek, lana elkarrekin aztertzeko, iritziak batzeko… finean, literaturaren bueltan tarte atsegin bat igarotzeko. Gaur egun 18 kide inguru dira taldean eta Peña Santa Cruz txokoan batzen dira mokadutxo baten bueltan.
Talde honen hitzorduen berri hilabetero eman du 2017tik Binkek bere paperezko Agenda atalean. Baina orain —eta digitalean ere horren berri ematen jarraituko badu—, Agenda ataletik harago hedabide honek lekutxo bat egin dio irakurketa talde honi bere paperezko edizioan. Hilabetero, taldearen hurrengo hitzorduan landuko duten liburuaren iruzkin bat aurkituko du Binkeren irakurleak aldizkariko 27. orrialdean, kalean den apirileko zenbakitik aurrera.
Gainera, irakurzale kuadrila txiki bat izaten hasi zena, aurten elkarte izatera igaro da: jaio da Galdakaoko Leidu Irakurketa Taldea. Horregatik beraz, aurrerantzean Leidu Irakurketa Taldearen txokoa izango da hizpide Binkeko orrialdeetan ere.
Joseba Sarrionandiaren bisita
Taldearen sei urteko ibilbidean idazle batzuen bisita ere izan dute irakurzaleek. Eurekin solasean izan dira, besteak beste, Miren Agur Meabe, Julen Gabiria, Jose Inazio Basterretxea eta Joanes Urkixo —azken hiru hauek idazle galdakoztarrak eta Binkeko kolaboratzaile ohiak—.
Aurrerantzean ere izango dituzte idazle batzuen bisitak, baina aipagarriena bisitarik hurbilena izango da ezbairik gabe, Joseba Sarrionandia idazle ezagunak Galdakao bisitatuko baitu maiatzaren 18an, 19:00etan. Hitzordu hau, ordea, ez da Peña Santa Cruzen izango, publiko guztiari zabalik egongo baita solasaldia. Gandasegi eskolako areto nagusian izango da.
Sarrionandiarekin batera izango dira Gotzon Barandiaran eta Elene Uribarri ere. Lehenengoak solasaldia gidatuko du eta bigarrenak doinuak jarriko dizkio idazle gonbidatuaren berbei.