Martín zinegotziak Galdakao Oroimenaren aurkezpenera gonbidatu ez izana salatu du
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: El Correoren eta Binkeren artxiboetatik
Galdakaoko Udalean atxiki gabekoa den Miguel Ángel Martín zinegotziak Binkera deitu du, hedabide honek Galdakao Oroimena ekimenaren berri eman zuen albistean bere hutsunea aipatu bai, baina zergatia azaldu ez zuelakoan.
Martitzen honetan Binkera deitu du Galdakaoko Udalean alderdi bati atxiki gabe diharduen zinegotziak, Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Udalak elkarrekin aurkeztu zuten ekimen berriaren aurkezpenaren harira hedabide honek idatzi zituenen aurrean azalpenak emateko.
Aipatutako bi erakundeek —Galdakao Gogora elkartearen laguntzarekin— Galdakao Oroimena webgune berria aurkeztu izana kontatu zuen Binkek otsailaren 2an. Webgune honek historian zehar arrazoi politikoak tarteko errepresioak jasan dituzten herritarren testigantzak jasotzen ditu. Honezkero mota guztietako 500 herritar baino gehiagoren testigantzak jaso ditu ekimenak.
Galdakaoko Udalak Aranzadi Zientzia Elkartearekin lehenengoz egin duen proiektu bateratu honi babesa eskaini diote, hasieratik, Udalean ordezkatuta dauden alderdi guztiek. Alderdiek, eta baita atxiki gabeko Miguel Ángel Martín zinegotziak ere. Eta hala batu izan du Binkek gaia landu duen guztietan. Ordea, aipatutako aurkezpen horren albistean ekitaldi horretara PSE-EEko bi zinegotziak eta atxiki gabekoa ez zirela joan zehaztu zuen medio honek.
Bada, Martinek Binkera deitu zuen martitzenean, bere falta arrazoitzeko: «Ez nintzen aurkezpenera joan ez zitzaidalako gonbidatu, zuen bitartez izan nuen aurkezpen honen berri». Binkeren aipamen horregatik deseroso, bere huts egitea «arrazoitzeko beharra» nabarmendu zion zinegotziak hedabideari telefonoz. Hala ere honek ez du zinegotzia harritu, bere hitzetan, «ez baita lehenengo aldia ez zaidana ekitaldi edo bileraren batera gonbidatzen».
Auzoak plataformatik alde egin zuen kideak azpimarratu du «ohituta» dagoela «mespretxatuta sentitzera» eta «nire izena nire proposamen askotan ez agertzera». Dena dela, baieztatu du, bera beti egongo dela «izan feminismo, terrorismo, memoria historiko zein bestelako ekitalditan».