Memoriaren Eguna dela eta ekitaldi bi izan ditu Galdakaok
TESTUA ETA ARGAZKIA: Irati Alonso García
Memoriaren Eguna da gaur eta honen harira ekitaldi bi izan ditu eguerdian Galdakaok: Udalak, alkatea buru, «biktimak gogoan izanda elkarbizitza eraikitzeko» asmoa jarraitzeko adierazpenak egin ditu Ardanza parkean batetik —EH Bildu, Usansolo Herria eta Auzoaken ordezkariekin—. Ordu berean, Urretako monolitoaren aurrean terrorismoko biktimen omenez minutu bateko isilunea egin dute EAJko, PSE-EE, Auzoakeko ordezkariek.
Memoriaren Eguna da gaur, azaroak 10, eta urtero egiten den moduan, Galdakaon honen harira biktimak gogoratu dira. Aurten, iaz gertatu zen moduan, ekitaldi bi egon dira herrian. Galdakaoko Udalak deitutakoan EH Bildu, Usansolo Herria eta Auzokeko kideak batu dira Ardanza parkean goizeko 12:00etan.
Iñigo Hernando izan du buru ekitaldi honek eta alkateak Udalaren asmoa «biktimak gogoan izanda elkarbizitza eraikitzea» dela azaldu du. «Pairatutako sufrimendu guztiak aintzat hartuz eta urratsak emanez gertatutakoa mahai gainean jartzea da helburua, eta baita bakoitzak dagokion tokitik eta dagokion heinean bere alea jartzea», azpimarratu du Hernandok.
Bestalde, eta hainbat eta hainbat urtetako tradizioari eutsiz, EAJ-PNVko, PSE-EEko eta Auzoakeko ordezkariak Urretako Romualda Zuloaga plazan dagoen monolitoaren aurrean batu dira 12:00etan. Terrorismoaren omenez minutu bateko isilunea egin dute eta baita lora eskaintza ere.