Metro geltokia erdigunean eskatuko dute usansolotarrek Durangon
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Geltokia Erdigunean
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ekitaldi instituzionala egingo dute bihar, abenduak 5, Durangoko Azokare irekieran. Honen harira eta «entzun gaitezen», metro geltokia erdigunean eskatzeko kontzentrazioa egingo dute usansolotarrek Agustin Deuna Kultur Gunean.
Bihar, abenduak 5, hasiko da oihartzun handia izaten duen Durangoko Azoka eta urtero egin ohi den moduan, ekitaldi instituzionala egingo dute bihar bertan azokaren irekieran, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren ordezkariekin.
Hau aprobetxatuz, eta «gure aldarrikapena entzun dezaten», metro geltokia eskatzeko kontzentrazioa egingo dute bertan usansolotarrek. Geltokia Erdigunean plataformak deitu du mobilizatzera eta agerraldia 18:30ean egingo dute, Agustin Deuna Kultur Gunean.
Usansolotik trenez joateko deia ere egin du plataformak, 17:45ean joango direla azalduz. «Anima zaitez, eta anima itzazu zure inguruko guztiak! Lortu arte! Lortuko dugu! Geltokia Erdigunean!», adierazi dute.