NonBizi.eus, etxebizitza premiari laguntzeko atari berria sortu dute
Etxebizitza
BINKE / 2022ko ekaina
NonBizi.eus, etxebizitza premiari laguntzeko ataria
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Etxebizitzaren inguruko informazioa eta aukerak biltzeko, NonBizi.eus webgunea jarri du martxan Galdakaoko Udalak. Bertan etxebizitza hutsen, dotazionalen, larrialdietako etxebizitzen eta bestelakoen inguruko informazioa jaso ahal izango da.
Galdakaok duen «etxebizitzaren arazoari aurre egiten laguntzeko» martxan jarri du Udalak NonBizi.eus webgune berria. Horrela aurkeztu zuten ekainaren 14an Iñigo Hernando alkateak eta Nerea Orozko Etxebizitza zinegotziak udaletxean bertan.
Atari berria publiko da dagoeneko eta, Erreabilitazioak atala oraindik erabilgarri ez badago ere —instituzioek eraginkortasun energetiko hobetzeko emango dituzten laguntzak argitaratu zain baitako Udala—, honezkero martxan daude gainontzeko sei atalak: etxebizitza hutsak, etxebizitza dotazionalak, larrialdietako etxebizitzak, bloga, kontaktua eta garajeak eta lokalak.
Lehenengo atalarekin, «etxebizitzan dagoen arazoa ikusita, eta hori kontuan hartuta, Galdakaoko Udalak uste du azterlan hau abiapuntu bikaina dela errealitate horretara hurbiltzeko, dimentsionatzeko eta etxebizitza mobilizatzeko politikak egiteko». Horregatik, «etxebizitza hutsen programaren helburua da hutsik dauden etxebizitzak eskuratzea eta alokairu babestuaren bidez merkaturatzea».
Etxebizitza dotazionalen atalean berriz, Udalak Iberluzen etxebizitza parke-publiko bat sortuko duela iragarri du, 60 bizitokikoa hain zuzen. Alokairu merkeen beharra dutenei zuzendutako bizitokiak izango dira eta logela bat edo bi izango dituzte. Horien hiru laurdenak, gainera, gazteentzat izango direla hitzeman zuten Hernandok eta Orozkok. Galdakaoko Udalak «ez du aintzat hartzen udalerriko pertsonak eta familiak gaur egun bizitzen ari diren etxebizitza arazoa, beraien egoera pertsonal ekonomiko eta/edo laboralengatik», onartzen dute agintariek. Horregatik, gaineratu zuten, «dauzkagun 13 udal etxebizitzak erabiliko ditugu larrialdi egoeratan dauden personei edo familiei laguntzeko». Horretarako dago bideratuta webguneko hirugarren atala: esleitutako etxebizitza horiek hainbat arazotarako izango dira —genero-indarkeriaren biktimak, zaurgarritasun egoerak, baliabide ekonomiko eta sozial falta…—.
Erreabilitazioen atalean, oraindik eskuragarri ez dagoen horretan, aurrerago norberaren etxeko lanak egiteko erakundeek eskaintzen dituzten laguntzak batuko dira.
Azken atala ere ez dago oraindik guztiz osatuta, garaje eta lokalena, baina bertan Udalak kudeatzen dituen garaje mota bien inguruko informazioa batuko du, emakidazkoak eta alokairuzkoak.
Hala ere, webgune honetatik kanpo ere inork zalantzarik izanez gero, telefono eta helbide bat ere jarri dute Udaletik herritarren eskura.
Harremana:
944 010 529
www.nonbizi.eus
vpablos@galdakao.net