Ondarearen katalogoaren kontrako manifestazioa egingo da bihar
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Olabarrietako Bizilagunen Plataforma
Galdakaoko Udalak kultur ondarearen katalogoa bertan behera utzi duen arren, Olabarrietako auzokideek bihar, otsailak 15, manifestazioa egingo dute udaletxean 18:00etan. Haien etxeak katalogotik kanpo geldituko direla idatziz jaso arte mobilizazioekin jarraituko dutela azaldu diote Binkeri.
Olabarrietako auzokideek Udal Gobernuaren kontra mobilizazioak egiten jarraitzen dute. Abenduko udal osoko bilkuran Galdakaoko kultur ondarearen katalogoa berritzea adostu zuen udalbatzak eta aurrerantzean babestuta egongo diren eraikinen artean Olabarrietako hainbat etxe sartu dituzte.
Auzokideak ordea, erabakiaren kontra agertu dira eta Udal Gobernuari «informazio eta transparentzia falta» leporatu diote. Olabarrietako Bizilagunen Plataformak Binkeri azaldu dionez, «hainbatetan» saiatu dira Udalarekin hitz egiten baina ez dute erantzunik jaso.
Gainera, Udala «gezurretan» ari dela adierazi dute: «Bi katalogo ezberdin daude. Onartutakoan gure etxeek duten babes maila ertaina da eta publikatu denean aldiz baxua».
Udalak prozesua geldiarazi du, katalogoa bertan behera utziz baina auzokideentzat «ez da nahikoa». «Gure etxeak katalogotik kanpo geldituko direla idatziz jaso arte mobilizazioekin jarraituko dugu», azpimarratu dute. Guzti hau salatu eta gainontzeko auzoetako herritarrei egoera azaltzeko asmoz, manifestazioa egingo dute bihar 18:00etan. Udaletxetik irtengo dira eta herriko kaleetan zehar ibiliko dira udaletxera bueltatu arte.
«Gure etxeak gureak dira. Kultur ondarearen katalogoari ez!» lelopean, Udal Gobernuari konponbide bat eskatuko diote.