Ostalaritza sustatzeko kontzertuak antolatuko dituzte Udalak eta Gu Dendari elkarteak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Herriko ostalaritza sustatzeko helburuz, kontzertuak antolatuko dituzte Udalak eta Gu Dendari elkarteak hurrengo asteetan zehar. Besteak beste, The Covertones, Luhartz eta Azken Geltokian taldeak arituko dira Galdakaon. Albiste honetan batu ditugu toki eta data guztiak.
Galdakaoko Udalak eta Gu Dendari elkarteak ostalaritzari bultzada emateko ekimena antolatuko dute aurten ere. Antolatzaileen esanetan, helburu argiak izango ditu oraingoan: «gurean gozatzeko dugun eskaintza zabala baliatzea, musikariei plaza eskaintzea, eta, aldi berean, gure denda eta ostalaritza laguntzea».
Maiatzeko eta ekaineko hainbat asteburutan izango da Galdakaoko txokoetan musika eta formato desberdinetako eskaintzaz gozatzeko aukera. Eguerdiz izango dira ekitaldi gehienak, eta iluntzean besteak, batez ere ostiraletan direnak.
Oraingoz, hauek dira antolatu dituzten kontzertuak:
- Maiatzak 26, barikua: 19:15ean, Berezikoetxen, The Convertones taldearen kontzertua.
- Maiatzak 27, zapatua: 20:30ean, Gaztain kalea eta Santi Brouard artean, Patricia Acid Sould kontzertua.
- Ekainak 4, domeka:
- 13:30ean, Santi Brouarden, Luhartz taldea.
- 13:30ean, Urreta plazan, Now Ninah.
- Ekainak 11, domeka:
- 13:30ean, Iturrondon, Azken Geltokian taldea.
- 13:30ean, Bizkai eta Bilbo kale arteko plazan, Jon eta Joneren kontzertua.
- Ekainaren 4 eta 11: eguerdietan beste gune bana alaituko dira, 13:30etik aurrera. Ganekogorta, Zamakoa eta Muguru ingurua, eta Bizkaia eta Muguru aldea. Trikitilariak eta elektrotxaranga arituko dira.
Horiek dira aurreikusita dauden emanaldiak, baina Udalak jakinarazi duenez, eguraldiak baldintzatu ditzake aurreikuspenak.