Ostatu tabernak irabazi du udazkeneko Pintxo Lanperna lehiaketa
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Ostatu taberna da aurtengo Pintxo Lanperna lehiaketaren irabazlea, kategoria herrikoian eta profesionalean irabazi ostean. Martitzenean banatu zituzten sariak Galdakaoko Ostalaritza Eskolan, eta Pepeto jatetxea, Urtebietako jubilatuen zentroa eta Sorgiñe taberna ere saritu zituzten.
Udazkeneko Pintxo Lanperna lehiaketak baditu irabazleak. Ostatu taberna izan da lehiaketako irabazle nagusia, perretxiko pintxo onenaren saria irabazi baitu, bai kategoria herrikoian, baita profesionalean ere.
Sariak martitzenean banatu zituzten, Galdakaoko Ostalaritza Eskolan egindako ekitaldian, Galdakaoko Udalak sustatuta, Gu Dendari merkatarien elkartearekin eta Galdakaoko Ostalaritza Eskolarekin lankidetzan.
Lehiaketak Galdakaoko ostalaritza establezimenduetan bi asteburutan, azaroaren 22tik 24ra, eta azaroaren 29tik abenduaren 1era, perretxikoekin egindako pintxorik onenak saritu ditu.
Antolatzaileek edizio honen parte-hartze nabaria azpimarratu zuten: 16 establezimenduk hartu dute parte, aurreko edizioa baino gehiago. Horrez gain, «aurkeztutako pintxoen elaborazio ikaragarria» azpimarratu zuten.
Herritarrek dastatutako pintxoen artean, Ostatu taberna izan da bozkatuena, Pepeto jatetxea bigarrena eta Urtebietako Jubilatuen zentroa hirugarrena. Izaskun Barbarias Udaleko Euskara zinegotziaren eskutik jaso zituzten sariak establezimendu horietako ordezkariek.
Epaimahai profesionalak ere Ostatu tabernako pintxoa aukeratu du edizio honetako onena bezala, ‘Eskandalu’, «elaborazio teknika, pintxoaren konposizioan perretxikoak duen protagonismoa, zaporea eta eskainitako zerbitzua bezalako alderdiak baloratuz».
Monika Bailón Sustapen Ekonomikoko zinegotziak, Toño González Auzoakeko zinegotziak eta Begoña Munizguren Galdakaoko Ostalaritza Eskolako zuzendariak emandako sarietan, Pepeto Jatetxeak bigarren postua eta Sorgiñe tabernak hirugarren postua lortu dituzte.