Palestinaren aldeko kanpaldia antolatuko dute bihar Galdakaon
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Onda Vasca
«Palestinako sarraskia salatzeko» kanpaldia antolatuko dute Galdakaoko hainbat eragilek bihar, maiatzak 30. Kurtzeko plazan izango da eta besteak beste, hitzaldia eta dokumental baten proiekzioa eskainiko dituzte.
Gerra hasi zenetik, herriko eragile ezberdinek deitutako Palestinaren aldeko hainbat mobilizazio egin dira Galdakaon eta hauekin jarraitzen dute. Eguenean, maiatzak 30, kanpaldia antolatuko dute Kurtzeko plazan Ernaik, Herriko Bentak, Sortuk, Elkarlaguntza Sareak, Zizpak, Ganguren Mendi Taldeko juntak, Ikamak, Momoakek, TEA-k, Guzur Aretxak, GBGEk eta Berdez Bizik.
Ekimena 18:30ean hasiko da ‘Palestina sarraski’ hitzaldiarekin, Iratzar Fundazioarekin eskutik. Ondoren, 20:30ean, kontzentrazioa egingo dute Pontzi Zabalako bidegurutzean eta ostean afari kolektiboa antolatuko dute.
Azkenik, ‘Nacidos en Gaza’ dokumentala proiektatuko dute 21:30ean eta eta gauean Palestinaren aldeko kanpaldia egingo dute.