Pedro Asua galdakoztarraren gorpuzkiak familiaren esku geratuko dira domekan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Prozesu luze baten ostean, domekan Galdakaora itzuliko dira 1938an fusilatu zuten Pedro Asua galdakoztarraren gorpuzkiak. Bere familiaren esku utziko dituzte, Elexalden herritarrekin batera egingo duten ekitaldian.
Pasa den otsailaren 25ean Jakan izan zen Iñigo Hernando Galdakaoko alkatea eta Huescan fusilatutako Pedro Asua galdakoztarraren familia buru zituen talde bat. Binkek jaso zuen moduan, Aranzadi Zientzia Elkarteak Asuaren gorpuzkiak desobiratu zituen, familiari emateko asmoz.
Domekan geratuko dira behingoz Asuaren familiaren esku, Galdakaoko Udalak ezagutzera eman duenez. Eguerdiko 12:00etan egingo dute ekitaldia Elexalden eta besteak beste, Aranzadiko, Jakako Círculo Republicanoko eta Galdakao Gogorako kideek, Eusko Jaurlaritzako ordezkaritzak eta Iñigo Hernando alkateak parte hartuko dute.
Halaber, herritarrak gonbidatu ditu Udalak, «memoria historikoa ardatz duen ekitaldian parte hartzera».
Pedro Asua Zubiaur miliziano galdakoztarra 1938an fusilatu zuten Jakan eta bere gorpuzkiak hobi komun batean egon dira orain arte. Asuaren senide batek bere osaba handia non lurperatuta zegoen jakin nahian hasi zen prozesua, eta domekan amaituko da.