Udaberriko Sormene apirilaren 27tik 30era antolatuko da
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Aurten ere Sormene Galdakaoko sorkuntza plaza ospatuko da eta bi ekinaldi izango ditu: udaberrikoa eta udazkenekoa. Lehenengoa apirilaren 27tik 30era egingo da, antolatzaileek ezagutzera eman dutenez.
Laugarrenez, Sormene sorkuntza plaza antolatuko da Galdakaon. Aurrekoetan bezala, bi aldiz egingo da: udaberrian eta udazkenean. Dantza, musika, antzerkia eta beste hainbat alor uztartuko dituen ekimenaren lehenengo ekinaldia apirilaren 27tik 30ra ospatuko da, antolatzaileek jakinarazi dutenez.
Dagoeneko batzen hasi da Sormeneko talde-eragilea, urtarrilaren 25an bilera egin zutela Udaletxean. Galdakaoko Udala eta Dijitalidadea enpresa dira ekimenaren arduradunak baina herritarrekin batera egin ohi dute egitaraua eta horretarako Gotzon Barandiaran zuzendari artistikoak Sormeneren Talde Aholkulari Eragilearen batzarrera deitzen ditu herritarrak.
Behin data zehaztuta, udaberriko Sormeneren edukiak landuko ditu talde eragileak batzarren bitartez eta baita helburu horretarako sortutako dokumentu baten bitartez.