Urreta kiroldegiaren hobetze-lanak egiteko proposamenak bidali ditzakete enpresek apirilaren 17ra arte
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Urreta kiroldegiko barrualdea hobetu eta handitzeko lanak udan hasi nahi ditu Galdakaoko Udalak. Horretarako lizitazio prozesua martxan dago eta obrak egiteko interesa duten enpresek apirilaren 17ra arteko epea dute euren proposamenak aurkezteko.
Galdakaoko Udalak uda inguruan hasi nahi ditu Urreta kiroldegia handitu eta hobetzeko lanak. Zehazki, barrualdea hobetu, aireztapen naturala txertatu eta kiroldegia handitu nahi ditu eta horretarako lizitazio prozesua zabaldu du.
Obrak egiteko interesa duten enpresek apirilaren 17ra arteko epea dute euren proposamenak aurkezteko. Gehienez 2.718.615,27 euroko aurrekontua proposatu ahalko dute enpresa horiek BEZ gabe, (3.289.524,48 euro BEZarekin), eta gehienez 26 hilabeteko epea izango dute lanak amaitzeko.
Bi fase nagusitan egingo dira lanak. Beheko solairuaren barrualdea konpondu eta hobetzeko lanak egingo dira lehenik: igerilekuetarako irisgarritasuna hobetuko da arrapala bitartez, egungo aldagelak berrituko dira eta bina aldagela eta komun egokitu gehituko dira. Lau hilabete erabiliko dira, gehienez, lehen fase honetarako.
Bigarren fasea aldiz kiroldegia handitzekoa izango da. Solarium gisa ezagutzen den gunea da eraikitzeko erabiliko dena; hutsik dagoen kuboa erabilgarri jarriko da, eta bi solairu eraikiko dira gune horretan. Lehenik lur azpian dagoen sotoa egokituko da, fitness eta kardio ariketetarako eremu berriak jarriko dira bertan, eta baita aldagela berriak ere. Larrialdietarako irteera berri bat ere gehituko da, besteak beste. Zortzi hilabeteko lanak izango dira, gehienez.
Lan horiek amaitu ondoren ekingo zaio solarium guneari teilatua jarri eta bi solairu eraikitzeari. Beheko eta lehenengo solairuetan bi gune diafano egongo dira, besteak beste, askotariko ekintzetara egokitzeko. Enpresak 14 hilabete erabili ahalko ditu, gehienez, lan hauetarako.