Urrirako beste lau ekintza antolatu ditu Adinekoen Dinamizazio Zerbitzuak
TESTUA: Naia Bergaretxe Sarria
ARGAZKIA: Rg Studio
Adinekoen Dinamizazio Zerbitzuak urrirako beste lau ekintza ezberdin antolatu ditu eta lehenengoa eguen honetan izango da, Adinekoen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Hemen batu du Binkek eskaintza osoa.
Irailean bezala, urrian ere adinekoentzako ekintzak antolatu ditu Galdakaoko Udalak Adinekoen Dinamizazio Zerbitzuarekin. Helburua, aurreko hilean bezala, pertsona nagusiek udazkena indartsu, ilusioz eta ikasteko gogoz bizitzea da, «jende berria ezagutzeko eta norbere buruarekin gustura sentitzeko» aukera eskainiz.
Ekintza guztietako inskripzioak Adinekoen Dinamizazio Zerbitzuan egin daitezke edota 944 010 545 zenbakian. Pertsona bakoitzak gehienez bi inskripzio egin ahalko ditu, eta ohi bezala, plazak baino izen-emate gehiago egotekotan, zozketa egingo da.
Hauek dira antolatu diren ekintzak:
- Adinekoen Nazioarteko Eguna, urriaren 6an, eguena: Nazioarteko eguna urriaren 1ean izan den arren, ospakizuna egin gura da, eta horretarako, Galdakaotik euskal musikaz girotutako ibilbide bat antolatuko da adineko pertsona guztiak animatu daitezen.
Ekintza honetan izena emateko epea urriaren 3tik dago zabalik.
- Garuneko gimnasia: Pertsona nagusiak aktualitatearekin erlazionatuta mantentzeko balio du, memoria landuz eta iraganeko, oraingo eta etorkizuneko gaien inguruan hausnartuz. Helburua adinekoak hiru esparruetan —espazio-denbora-pertsona— orientatuta mantentzea da.
Memoria eta arreta gaitasunak landuko dira kalkulu eta hizkuntzaren bitartez, partaideen arteko elkar interakzioa bultzatuz. Gainera, planifikaziorako eta arazoen aurrean konponbideak bilatzeko teknikak irakatsiko dira, adierazteko gaitasuna hobetzeko, eta abar.
Ekintza honetan izena emateko epea urriaren 3tik dago zabalik, eta hiru zentrotan antolatuko da:- Elkartea adinekoen zentroa —Olabarrieta-Aperribai—: Eguenero urriaren 20tik ekainaren 15era, 10:00etatik 11:30era.
- Etxea Anaitasuna adinekoen zentroa —Iberluze—: Barikuro 10:30etik 12:00etara.
- Gure Etxea adinekoen zentroa —Usansolon—: Eguenero urriaren 20tik ekainaren 15era, 12:00etatik 13:30era.
- Irteera kulturala Bilboko Zabalgunera eta Abandoibarrara, urriaren 20an, eguena: Bilbok XIX. mendetik gaur egunera bitarte izandako aldaketak erakusteko bisita egingo da, garapen urbanistikoa eta arkitektura azalduz.
Gehienez 29 pertsonek hartu ahalko dute parte, eta urriaren 7tik aurrera eman daiteke izena.
- Mendi-ibilbidea urriaren 27an, eguena: Sollube, Gaztelugatxe eta Bakiotik egingo da ibilaldia.
Gehienez 30 pertsonek hartu ahalko dute parte, eta urriaren 14tik aurrera eman daiteke izena.
Horrez gain, jubilatu eta pentsiodunentzako edozein zalantza edo kontsultarako eta IMSERSOk eskaintzen dituen bidaien inguruko informaziorako, Gizarte Ekintzako bulegora hurbildu —Pontzi Zabala 3, Ardanza parkean astelehen, eguazten eta barikutan 10:00etatik 13:30era eta eguenetan 16:00etatik 18:00etara— edo deitu —944 010 545 zenbakira—.