Usansolo Herriak kudeaketa batzordean izango dituen zortzi kideak aurkeztu ditu
TESTUA ETA ARGAZKIA: Irati Alonso García
Usansoloko Udalaren funtzioak egingo dituen kudeaketa batzordeak hamaika kide izango ditu: EAJko hiru eta Usansolo Herria plataformako zortzi. Azken honek gaur eman ditu ezagutzera zortzi kideak, Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariei izenak iragartzen diren dokumentua eman ostean.
Usansolo Herria plataformak beste pauso bat eman du Usansoloren segregazio prozesuan. Binkek jaso zuen moduan, Hauteskunde Batzorde Zentralak Usansoloko Udalaren funtzioak egingo dituen kudeaketa batzordearen kideak zehaztu zituen: EAJko hiru kide Usansolo Herria plataformako zortzi.
Plataformak erabaki ditu jada zeintzuk izango diren zortzi kideak eta gaur eman ditu ezagutzera Bilbon, Bizkaiko Foru Aldundiaren Jauregiaren aurrean egindako agerraldian. Hauek dira aukeratutako ordezkariak: Diego Ortega, Enrique Barrenetxea, Javier Aurrekoetxea, Alvaro Ruiz, Jose Angel Garcia, Julen Urgoiti, Maria Angeles Barañano eta Agustin Aizpuru.
Agustin Aizpuru bera eta Juan Agustin Etxezarraga izan dira berria emateko eta aurretik izen hauek modu ofizialean iragartzen dituen dokumentua Aldundiko ordezkariei emateko arduradunak. Aizpururen hitzetan «pauso oso oso garrantzitsua» da emandakoa. «Aldunditik esan ziguten lehen baino lehen eman behar genituela izenak eta jada egin dugu. Hurrengo pausoa batzordea eratzea eta lanean hastea da», adierazi du Galdakaoko Udalean zinegotzia den UHko kideak.
Kudeaketa batzordeak bi zeregin nagusi izango dituela azaldu dute Bilboko agerraldian: «Batzordea eratzea pleno baten bitartez eta jarraian Usansolo Tokiko Erakundeen Erregistroan inskribatzeko prozesua hastea».
Kudeaketa batzordea eratzeko data itxaroten daudela nabarmendu dute. «Oraindik ez dakigu ziur noiz izango den Aldundiaren erabakia delako baina uste dugu hurrengo asteetan izango dela», adierazi du Aizpuruk.