Usansoloko erdigunean Metro geltokia eskatzeko bilerak egiten jarraitzen dute
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIAK: EH Bildu eta Bizkaiko PP
‘Geltokia erdigunean’ plataformako kideek Usansolon Metro geltokia eskatzen jarraitzen dute eta prozesuan bilerak egiten ari dira alderdiekin. Astelehenean EH Bilduko ordezkariekin batu ziren eta pasa den astean aldiz Bizkaiko PPkoekin.
Usansolotarrek herriaren erdigunean Metro geltokia eskatzen jarraitzen dute eta helburu honetan ‘Geltokia erdigunean’ plataformak lan handia egiten ari da. Sinadura bilketa jarri du martxan esaterako, BINKEk jaso zuen moduan.
Halaber, talde politikoekin bilerak egiten ari da proiektuaren nondik norakoen inguruan hitz egin eta hain zuzen erdigunean geltokia eskatzeko, «usansolotarren nahia errespetatuz».
Astelehenean, maiatzak 20, EH Bilduko ordezkariekin batu ziren plataformako zenbait kide. Hitzorduan Iker Casanova eta Raul Mendez EH Bilduko legebiltzarkideek parte hartu zuten, besteak beste.
«Geltokia erdigunean egoteak zerbitzuaren irisgarritasun egokia bermatzen du eta bideragarria da ekonomikoki eta teknikoki. Kalean zein erakundeetan babestuko dugu proposamen hau», azaldu zuen Casanovak bere sareetan bileraren ostean.
Pasa den astean aldiz, Bizkaiko PPko kideekin batu zen ‘Geltokia erdigunean’ plataforma, zehazki, Raquel Gonzalez, Mari Carmen Sanchez eta Eduardo Andraderekin.