Usansoloko Udalaren kudeaketa batzordea eratu da, Agustin Aizpuru presidente dela
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Usansoloko Udalaren funtzioak egingo dituen kudeaketa batzordea eratu da gaur arratsaldean, Txapelenan egindako bilera publikoan. Hamaika kide izango ditu batzordeak, 2019ko udal-hauteskundeen emaitzen arabera: Usansolo Herria plataformako zortzi eta EAJko hiru. Albiste honetan batu ditugu kudeaketa batzordea osatuko duten kideen izenak eta hauen zereginak.
Usansolo Bizkaiko 113. udalerri bezala erregistratzeko hurbilago dago. Gaur arratsaldean Usansoloko Udalaren funtzioak egingo dituen kudeaketa batzordea osatu da, EAJren hiru eta Usansolo Herria plataformaren zortzi kiderekin. Talde bakoitzaren kide kopurua 2019ko udal-hauteskundeen emaitzen arabera zehaztu du Hauteskunde Batzorde Zentralak.
EAJren aldetik Gorka Aranak, Aitor Bikandik eta Iñigo Bilbaok osatzen dute batzordea eta UHk aldiz Diego Ortega, Enrique Barrenetxea, Javier Aurrekoetxea, Alvaro Ruiz, Jose Angel Garcia, Julen Urgoiti, Maria Angeles Barañano eta Agustin Aizpuru aukeratu ditu.
Osaera hau ordea, maiatzaren 28an antolatuko diren udal-hauteskundeen ostean aldatu daiteke, hauetako emaitzak izango direlako data horren ostean erreferentziatzat hartuko direnak kudeaketa batzordeko kideak zehazteko.
Zereginei dagokienez, batzordeak Usansoloko Udalaren funtzioak egingo ditu, izan ere, Tokiko Erakundeen Erregistroan inskribatu arte, ezin izango dira Udala eratzeko hauteskundeak egin eta horrenbestez Udala sortu. Hala onartu du Javi Aurre UHko kideak ere: «Oztopo batzuk ditugu oraindik gainditzeko, tartean Espainiako Abokatutzaren helegitea 5.000 biztanleen auzian eta Espainiako udalen erregistroa».
Aurreren hitzen ostean batzordeko kide guztiek karguari zin egin diote, guztiek «Legeak aginduta, bai» erantzunda. Ostean bozketa egin dute, kudeaketa batzorde honen presidentea nor izango den aukeratzeko: UHren zortzi zinegotziek Juan Agustin Aizpururen alde bozkatu dute —egungo UHko zinegotzia Galdakaoko Udalean— eta EAJko hirurek Gorka Aranaren alde.
Gehiengoz, beraz, Agustin Aizpuruk egingo ditu Usansoloko lehenengo kudeaketa batzorde honen presidente lanak. Balkoira irten direnean Ohorezko Agurra dantzatu diete Oinarin Dantza Taldeko kideek kudeaketa batzordeko hamaika kideei Txapelenaren aurretik, dozenaka herritar txalo artean zain egon diren bitartean.
Usansoloko Udala eratzeko hauteskundeak egiten direnean, kudeaketa batzordea desegingo da. Kudeaketa batzordeak izango duen lehen lana Madrilera jotzea izango da, Usansolo Bizkaiko 113. udalerri bezala erregistratzeko. Ostean, lanean hasiko dira udalerri moduan martxan jartzeko.