Zuhatzu ingurua hobetzeko lanen bigarren fasea martxan da
TESTUA ETA IRUDIAK: Irati Alonso García
Ibaizabal ibaia berbideratzeko obrak amaituta, Zuhatzu ingurua hobetzeko lanekin hasi zen Galdakaoko Udala. Honezkero erabilgarri dago Merkadillo zubia eta herriko erdigunea lotzen dituen bidea eta orain proiektuaren bigarren fasea hasi dute. Honetan egingo diren lan guztiak batu ditugu ondoko albistean.
Uholdeak ekiditzeko helburuz Ibaizabal ibaia berbideratzeko proiektua jarri zuen martxan 2010ean Uraren Euskal Agentziak eta lanak amaitu direla iragarri zuten pasa den urteko azaroan. Galdakao, Basauri eta Zaratamoko 5.200 pertsonek ur-goraldien arriskupean egoteari utzi diote proiektu honi esker, BINKEk jaso zuen moduan.
Lan hauen ostean Zuhatzu ingurua hobetzeko lanekin hasi zen Galdakaoko Udala eta honezkero erabilgarri dago ibaiaren ondotik Merkadillo zubia eta herriko erdigunea batzen dituen oinezkoentzako bidea.
«Herriarentzat oso garrantzitsua da mota honetako espazioak egotea eta ikusi daitezkeenez adin ezberdinetako jende askok erabiltzen du bidea honezkero»,adierazi du Iñigo Hernando alkateak gaur. Hernandok, Asier Egiraun Hirigintza zinegotziarekin batera, bide honen ostean egingo diren beste hobetze lanak aurkeztu ditu gaur goizean egindako agerraldian.
Egiraunek azaldu duenez, bigarren fase hau martxan da dagoeneko eta hasi dira zubi berri bat egiteko obrak. Zubi honek N-637 errepidea eta Zuhatzu lotuko ditu eta ibilgailuentzat eta oinezkoentzat izango da. «Honekin lortu nahi doguna da herriaren erdigunera doan trafikoaren zati bat berbideratzea eta Plazakoetxera heldu behar izana ekiditzea», azpimarratu du zinegotziak. Zubia egiteko inbertsioa 1.900.000 eurokoa izango da eta urte amaiera baino lehen amaitzea aurreikusi du Udalak.
Bestalde, «libre» geratu diren tokiak hornituko dituzte, zehazki, zona hauek: Merkadillo zubi alboan, Zuhatzuko egoitzaren ondoan, Maximo Moreno inguruan, Santa Barbara futbol zelaiaren alboan eta Skate parkearen atzeko partean. Hauentzako proiektuak aurten ere eskatuko dituzte, eta ostean lizitazioa aterako du Udalak.
Halaber, Txomin Egileor hobetzeko lanak egingo dituzte proiektuaren bigarren fase honetan eta norabide bakarreko errepidea izatera igaroko da, oraindik noranzkoa zehaztuta ez duten arren.
«Honekin lortu nahi doguna da proiektu integral bat, Zuhatzu hobetzeko eta Galdakaoko erdigunearekin lotzeko», nabarmendu du Hernandok.
Hemen Iñigo Hernando alkatearen eta Asier Egiraun Hirigintza zinegotziaren adierazpenak: