Gazte eta kirol udalekuetan izena emateko epea zabaldu du Udalak
Aisialdia
BINKE / 2022ko ekaina
Gazte eta kirol udalekuetan izena emateko epea zabaldu du Udalak
TESTUA: Naia Bergaretxe Sarria
Galdakaoko Udalak beste bi udalekuetan izena emateko epea zabaldu du; bata kirol udalekuena 5 eta 12 urte arteko umeentzako, eta bestea gazte udalekuena, 12 eta 16 urte arteko gazteentzako. Hemen datak, ordutegiak, prezioak eta izena emateko oharrak!
Umeentzako eguneko udalekuetan izena emateko aukera apirilean zabaldu zen arren, Galdakaoko Udalak beste bi udalekuetan parte hartzeko aukera eskainiko du; kirol udalekuak eta gazte udalekuak, eta badago zabalik inskribatzeko aukera.
Kirol udalekuak
Alde batetik, udako kirol udalekuak antolatu ditu Udalak, 5 eta 12 urte arteko umeentzako. Hauetarako datak hurrengoak izango dira:
- 1. txanda: ekainaren 22tik 24ra.
- 2. txanda: ekainaren 27tik uztailaren 1era.
- 3. txanda: uztailaren 5etik 8ra.
- 4. txanda: uztailaren 11tik 15era.
Urretako eta Unkinako kiroldegietan antolatuko dituzte ekintza guztiak, 09:00etatik 14:00etara. Gainera, haurtzaindegi zerbitzua eskainiko dute udalekuen aurretik eta ondoren, hau da, 08:30etik 09:00etara eta 14:00etatik 14:30era.
Prezioak egun kopuruaren araberakoak izango dira, hau da, aukeratutako txandaren araberakoak:
- 1. txanda —hiru egun—: abonatuek 42€ eta ez abonatuek 50,40€.
- 2. txanda —bost egun—: abonatuek 70€ eta ez abonatuek 84€.
- 3. txanda —lau egun—: abonatuek 56€ eta ez abonatuek 67,20€.
- 4. txanda —bost egun—: abonatuek 70€ eta ez abonatuek 84€.
Kiroldegietako harreran informazio gehiago eska daiteke nahi izanez gero.
Gazte udalekuak
Bestalde, 12 eta 16 urte arteko gazteentzako uztailerako udalekuak ere antolatu ditu Galdakaoko Udalak, Galdakaoko Tupaguneekin batera. Kasu honetan bi txanda egingo dira:
- 1. txanda: uztailaren 11tik 15era.
- 2. txanda: uztailaren 18tik 22ra.
Txanda bakoitzerako ekintza batzuk antolatu dira, hain zuzen ere; ginkana, piraguak, bideo edizio tailerra, zirkodromoa eta rap tailerra La Basurekin lehenengo txandako gazteentzat. Bigarren txandan parte hartuko dutenentzat aldiz; dantza, surfa, skate tailerra, abentura parkea eta robotika tailerra.
Udaleku honetako ekintza batzuk Torrezabal Kultur Etxean egingo dira 09:30etatik 14:30era, eta beste batzuk Galdakaotik kanpo egingo dira —txanda bakoitzetik bi irteera egongo dira—. Egun horietan, ordutegia 16:30era arte luzatuko da.
Prezioari dagokionez, 60€ ordaindu beharko dira txanda bakoitzeko. Gazte bakoitzak txanda baten edo bitan eman dezake izena, beti ere, ez badira plazak betetzen. Kasu horretan, bakoitzak txanda bakarra aukeratu beharko du, eta behar izatekotan zozketa egingo da.
Izena emateko azken eguna ekainaren 9a izango da eta presentzialki —Torrezabal Kultur Etxean— eta webgunetik egin ahalko da.
Galdakaoko Udalak «herriko gazteak animatu nahi ditu udalekuetan parte hartzera, udako aisialdiaz euskaraz gozatzeko». Horretaz gain, herriko topaguneak uztailaren 5etik 22ra egongo dira zabalik, 10:30etik 13:30era.