«Pederastaren inpunitatearen aurkako» elkarretaratzera deitu dute Urretxindorra Ikastolan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Google Maps
Urretxindorra Ikastolako ikasle eta ikasle ohiek osatutako emakume talde batek irakasle usansolotar bat pederasta izatea salatu du eta «honen inpunitatearen aurkako» elkarretaratzera deitu du gaurko, ikastolan bertan. «Guraso, ikasle, ikasle ohi, auzoko eta irakasleei dei egiten diegu euren babesa erakustera», adierazi dute.
Irakasle eta idazle usansolotar bat pederasta izatea salatu du Urretxindorra Ikastolako ikasle eta ikasle ohiez osatutako emakume talde batek Instagram bitartez. Aipatutako irakaslea duela 30 urte dabil irakasle ikastola horretan eta biktimak aldiz, 10 eta 17 urtekoak dira. «Ez da emakumearen aurkako sexu-indarkeria, haurren aurkako sexu-indarkeria baizik. Pederastia kasu batez ari gara», nabarmendu dute neskek.
Halaber, BINKEk jaso zuen moduan, «Urretxindorra Ikastola konplize» dela adierazi dute emakumeek: «Engainuen bidez ikasleak isilarazten saiatu izan dira».
Horregatik, eta «pederastaren inpunitatearen aurka», elkarretaratzera deitu dute gaurko, abenduak 20, Urretxindora Ikastolaren atarian 17:30ean. ««Guraso, ikasle, ikasle ohi, auzoko eta irakasleei dei egiten diegu euren babesa erakustera», adierazi dute
Salaketa Denuncias Euskal Herria Instagram kontuaren bitartez egin zuten hasieran, baina ondoren, kontu propioa sortu dute irakasle honen kontrako salaketa guztiak batzeko: Urretxindorrako Salaketak. Honetan, beste emakume batzuen salaketak ere jasotzen ari dira.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ikerketa abiatu du salaketen harira eta Urretxindorra Ikastolak baztertu egin du irakaslea, hortaz, ez dago ikasgeletan.
Ustezko erasotzaila BINKEko ohiko kolaboratzailea da eta beraz, hedabide honek elkarlanean aritzeari utzi dio, kasua argitu arte.