Usansoloko kudeaketa batzordeko kideen artean aldaketak egongo dira, M28ko emaitzen ondorio
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Maiatzaren 4an eratu zen Usansoloko Udalaren funtzioak egingo dituen kudeaketa batzordea, Usansolo Herria plataformako zortzi kide eta EAJko hirurekin. Maiatzaren 28an antolatu ziren udal-hauteskundeen emaitzen ondorio ordea, kideen artean aldaketak izango dira. Albiste honetan batu ditugu osaera berriaren xehetasunak.
Usansoloko Udalaren funtzioak beteko dituen kudeaketa batzordea eratu zen maiatzaren 4an, Binkek jaso zuen moduan. Usansolo Herria plataformako Agustin Aizpuru buru izanda, Binkeko azken zenbakiko azala izandakoak, talde honetako zortzi kide eta EAJ-PNVko hirurekin sortu zen.
Kide kopuru hau 2019ko Galdakaoko udal-hauteskundeetan usansolotarrek bozkatutakoaren arabera zehaztu zuen Hauteskunde Batzorde Zentralak. Domekan, maiatzak 28, antolatutako Galdakaoko udal-hauteskundeen emaitzen harira ordea, aldaketak izango dira kudeaketa batzordearen osaeran.
Usansoloko Herriak plataformak 1339 bozka jaso zituen Usansolon, EAJ-PNVk 422, EH Bilduk 242, PSE-EEk 90, Auzoakek 12, Elkarrekin Podemosek 43, PPk 34, Voxek 24 eta Bizkaia Baik 4. Emaitza hauen arabera, EAJ-PNVk kide bat galdu eta EH Bilduko bat irabaziko du Usansoloko kudeaketa batzordean.
Zehazki, horrela izango da osaera berria: UHko zortzi kide, EAJ-PNVko bi eta EH Bilduko bat. Usansolo Herriak ezagutzera eman du orain arte batzordean izan diren kide guztiek jarraituko dutela: Diego Ortega, Enrique Barrenetxea, Javier Aurrekoetxea, Alvaro Ruiz, Jose Angel Garcia, Julen Urgoiti, Maria Angeles Barañano eta Agustin Aizpuru.
EAJ-PNVk Gorka Arana, Aitor Bikandi eta Iñigo Bilbao aukeratu zituen batzordean ordezkari izateko eta kide bat galdu duenez, zeintzuk jarraituko duten erabaki beharko du. Zapatuan egingo du, Usansoloko EAJ-PNVk izango duen bilera batean.
EH Bilduko kideari dagokionez, alderdiak ez du iragarri oraindik nor izango den Usansoloko kudeaketa batzordean izango duen ordezkaria.