Zuriñe García Michelin izarra Ostalaritza Eskolara bueltatu da
Sukaldaritza
BINKE / 2021eko azaroa
Zuriñe García Michelin izarra Ostalaritza Eskolara bueltatu da
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Galdakaoko Ostalaritza Eskola
Elena Arzakekin batera Michelin izarra duen Euskal Herriko emakume sukaldari bakarra, Zuriñe García galdakoztarra, Ostalaritza Eskolan izan da azken bi egunetan, bertako ikasleekin sukaldari.
Azken bi egunotan Galdakaoko Ostalaritza Eskolan ibili da Zuriñe García sukaldari galdakoztarra, eskolako sukaldaritzako ikasleekin batera sukaldatzen.
Bengoetxe auzoan kokatuta dagoen eskola honetako ikasle izan zen García, 2000-2001 ikasturtean ikasketak amaitu zituen arte, eta Ostalaritza Eskolan indarrean dagoen «berdintasunaren aldeko kanpaina baten ekimenez» etorri da asteon, eskolako zuzendaritzak Binkeri adierazi dionez: «Goi-mailan sektore erabat maskulinizatua da oraindik sukaldaritza, eta gure ikasleei emakumezko erreferenteak erakutsi gura deutsieguz».
Zuriñe García (Galdakao, 1980) Elena Arzakekin batera Michelin izarra duen Euskal Herriko emakume sukaldari bakarra da, eta beraz, Bizkaiko bakarra. Gainera, Repsol domina bi ere baditu Andra Mari jatetxe galdakoztarrean. Bertako sukalde buru da García, Binkeko azaleko elkarrizketa nagusian 2020ko abenduan berak kontatu zuen bezala, eta egunotan tarte bat egin du Ostalaritza Eskolara gerturatzeko.
Ostalaritza Eskolan 50 ikasle inguru izan ditu. Eguaztenean bigarren mailako erdi-mailako sukaldaritzako ikasleak izan zituen lekuko, eta eguenean goi-mailako sukalde-zuzendaritzako bigarren mailakoak.
«Lehenengo, gelan, egunean bertan beragaz batera zer eta zelan sukaldatuko eben azaldu deutsie chef gonbidatuak, eta ostean sukaldeetara jaitsi dira menuak prestatzera», azaldu dute eskolakoek.
Ondoko menua sukaldatu dute bi egunez, eta publiko irekiari ere eskaini zaio 25€ren truke:
Tomate konfitatua, apar beltza eta parmesano aparra
Masaileko lingotea iberieraz, erromeszu eta baratxuri beltzarekin
Txipiroi tipulatua
Perretxikoak patataren gainean eta arrautza-raviolia
Koilara-gazta tarta basoko fruituekin eta esne-gozoarekin